Erreniegako Hobietako memoriala 

 

Erreniegakoa memorial bat da, Peio Iraizoz artistaren lana. 20 harriko multzo bat da eta 1936ko uztaileko kolpe militarraren ondorengo errepresioan, 1936 eta 1937 bitartean, Erreniega mendian erailak izan ziren 92 pertsonen aitorpena eta erreparazioa irudikatzen du. Harrietako bat erdian dago, desagertutako pertsona guztien oroimenez, eta beste hemeretzi haren inguruan, espiral ireki baten gisan. 92 erailak hemeretzi herritakoak ziren, eta herri horien isla dira harriak. Memoriala 2017ko azaroan inauguratu zen eta handik hilabete gutxira eraso basati bat pairatu zuen.

Erreniega gainean, Lizarra Iruñearekin lotzen duen errepidean, fusilamendu aunitz egin ziren; bertan eteten ziren, tragikoki eta modu itzulezinean, Nafarroako hiriburua helburu egindako presoen lekualdatzeak. Erreniegako hobitik gorpuak oso aspaldi hasi ziren ateratzen eta 40ko hamarkadan zenbait gorpuzki berreskuratu ziren. Baina lan nagusiak 60ko hamarkadaren bukaeran egin ziren, “desobiratze goiztiarrak” deitu izan direnen testuinguruan. Garai hartan hainbat gorpuzki berreskuratu ziren. Ondoren ez da kokapen berririk aurkitu ahal izan, nahiz eta hainbat unetan egin diren prospekzioak, izan ere, errepidean behin eta berriz egin diren lanek arrunt aldatu baitute paisaia.

Erailketa masiboak izan diren beste toki batzuetan bezala, Erreniegako hobietako memorialak galderak egiten dizkio bisitariari, Nafarroak 1936ko estatu kolpearen ondoren bizi izan zuen terrorezko iraganari buruz eta diferente pentsatzea delitu bakar zuten ehunka lagunen kontra egindako garbiketa politikoari buruz.