“PRESO DAUDEN PERTSONAK. BEREN ESKUBIDEAK?” WEBINAR IRISGARRIA

 

Nafarroako Gobernuko Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak Salhaketa Nafarroa Elkartearekin elkarlanean "Preso dauden pertsonak. Beren eskubideak" web mintegia antolatu zuen urriaren 26rako. Saioa irizpide irisgarriekin egin zen, azpitituluekin eta zeinu hizkuntzarekin.

Presoen kolektiboa askotan ikusezin bihurtzen den kolektiboa da, eta, horren ondorioz, pertsona horiek arrisku handiagoa dute beren eskubideak urratuak izateko. Web mintegiak presoen eskubideen alde hainbat erakundek egiten duten lanean jarri nahi izan zuen arreta. 

Saioan parte hartu zutenak: Jorge Ollero Peran, Nafarroako Gobernuko Migrazio Politiken eta Justiziaren Departamentuko Zigor Betearazpenaren eta Justizia Errestauratiboaren Zerbitzuko Zuzendaria; Iñaki Rivera Beiras, Bartzelonako Unibertsitateko Zigor Sistemaren eta Giza Eskubideen Behatokiko Zuzendaria; Libertad Francés Lecumberri, Salhaketa Nafarroa elkarteko koordinatzailea; Andoni Aguirre Fernandes, Antoxeko Gizarte Langilea, Informazio eta Balorazio Zerbitzuko arduraduna; eta Javier Casado Martín, Fundación +34-ko Zuzendaria. Gainera, bere testigantza pertsonala eman zuen preso ohi batek.

Proposamena Nafarroako Gobernuko Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak 2020an abian jarri zuen “Somos Personas – Pertsonak gara” programaren testuinguruan kokatzen da. Programak helburu du sentsibilizazio jardueren bidez, ditugun eskubideen errealitate ezberdinak azaltzea, giza eskubideen defentsan egunero-egunero lanean ari diren pertsonak, elkarteak eta erakundeak balioan jarriz.