Azkoienen dagoen emakumeen errepresioaren memoriarako eskultura 

 

Emakumearen errepresioaren memoriarako Azkoienen dagoen “Emakume biktima eta erresistenteak” izeneko eskulturak gogorarazi nahi du emakumeek, emakumeak izateagatik, jasandako berariazko errepresioa eta genero-indarkeria, kasu askotan jaso behar zuen arreta jaso ez duena; ahozko historian jasotako testigantza anitz lekuko dira umiliazio ekintzen bitartez gauzatutako eraso horietaz. Praktika hauen artean ezagunenak hauexek dira: sexu eraso eta abusuak, ile mozketak eta errizino olioa edanarazi ondoren umiliazio publikoak. Emakumeen kontrako errepresio gogor horren bidez, erregimen frankistak suntsitu nahi izan zuen XX. mendeko lehenengo hamarkadetan eta, bereziki, Bigarren Errepublikan agertzen hasia zen emakumearen eredu berria.

Eskultura horren egilea José Ramón Urtasun eskultorea da, proiektuaren diseinatzaile eta koordinatzailea. Botilen Hilerritik, gorpuzkiak ateratako zenbait hobitatik eta Saturrarango emakumeendako kartzelatik hartutako errekarriekin egina dago eskultura. Egilearen hitzetan, emozioz eta oroitzapen garratzez beteriko harriak. Inaugurazioa Azkoienen egin zen, 2016ko urrian, eta harrezkeroztik, frankismoak emakumeei jasanarazi zien bereizketarik gabeko errepresioaren bidegabekeriaz hausnartzeko topagune bihurtu da.