Hormigoizko mugak erakusketak bidaia bat proposatzen du Atlantikoko Harresiaren eta Pirinioen Gotortzearen artean. Babeserako bi azpiegitura ikaragarri horiek II. Mundu Gerraren testuinguruan eraiki zituzten, eta ia-ia bat egiten dute Bidasoaren bokalean, 1940an haien sustatzaileak —Adolf Hitler eta Francisco Franco diktadoreak— elkartu ziren lekuan.

Atlantikoko Harresia eta Pirinioen Gotortzea eraikitzeko arrazoi estrategikoen berri ematen digu erakusketak, nola egin ziren azaldu eta egitasmo erraldoi horien benetako protagonistak nabarmentzen ditu, bereziki: miseria gorria eta indarkeria latza jasanda, bi egiturak altxatu zituzten ehunka milaka langileak, gehienak ere nazismoak eta frankismoak errepresaliatuak.

Bizkaiko golkoko hondartzetan erdi lurperatuta edo, mugatik metro gutxira, landaretzak estalita dauden egiturak eta bunkerrak azalera ekarri nahi ditu Hormigoizko mugak erakusketak, iragan traumatiko eta gaitzesgarri haren orbainak direla ulertarazteko.

 

 

Bisita birtuala