Nafarroako Gobernuak, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren bidez, aurten ere bat egiten du Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin; errealitate ezberdinak ezagutzera eman eta euren inguruko hausnarketa egiteko aukera zabaldu nahi du eta horretarako zenbait jarduera antolatu ditu. Giza Eskubideen Eguna urtero ospatzen da abenduaren 10ean, data horretan onartu baitzuen 1948an Nazio Batuen Asanblada Orokorrak Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala. Azken 74 urteotan aurrerapauso garrantzitsuak eman dira, baina oraindik egun munduko gune eta une bakoitzean eskubideak urratzen dira. Horregatik da garrantzitsua eta beharrezkoa banakoek, elkarteek, entitateek eta erakundeok Giza Eskubideen defentsan egiten dugun lana.

Zuzendaritza Nagusiak, antolatu dituen jarduerekin, Giza Eskubideekiko konpromisoa duen gizarteak egunez egun egiten duen lana jarri nahi du balioan. Antzerkiaren, erakusketen, hitzaldien, elkarteekin prestaturiko tailerren, haurrei zuzendutako jardueren, ipuin kontaketen, sormenaren eta gertuko eta zuzeneko testigantzen bidez, Giza Eskubideekiko sentsibilizatu eta mundura begirada ireki bat zabaldu nahi da.

Gobernuak modu aktiboan jarduera ezberdinetan parte hartzera eta pertsona ororen giza eskubideak errespetatuko dituen gizarte bat eraikitzen laguntzera animatzen ditu herritarrak.