Olabeko Hilobia

 

1938ko maiatzaren 22an Ezkabako Gotorlekuko espetxean izan zen ihesaldi handiaren ondoren izan zen errepresioarekin loturik gaur arte induskatu diren hobi komunetan handiena da. 795 giltzapetuk ihes egin zuten mendian barna, Frantzia helburu. Alabaina, berehala antolatu zen esetsaldia eta, ondorioz, arrakastarako aukerarik gabe gelditu zen ihesa. Hiru iheslarik baino ez zuten muga zeharkatzerik izan. Iheslarietako gehientsuenak atxilotu egin zituzten, baina 206 preso epaitu gabe erail zituzten eta soro, mendi eta hilerrietan ehortzi. Pertsona horiek nahierara hautatuak izan ziren, ez baitzuten egin gainerako iheslariengandik bestelakoa zen deusik. Beraz, xedea bereizkuntzarik egin gabe zigorra ematea zen.

Olabeko hobian hamasei iheslariren gorpuak ehortzi ziren eta oraindik ezin izan dira identifikatu. Hobitik gorpuzkiak 2016ko otsailean atera ziren. Ondoren, 2017an Olaibarko Udalak toki horretan hamasei lagun hauen oroimenerako gune bat ezarri zuen eta bertan egiten dira, halaber, ekitaldi memorialistak eta “Eskolak eta memoria” programako ekitaldiak. Gisa horretan, izuaren gune horri esanahi berria eman zaio, bizikidetzaren eta memoriaren gune bihurtuz.

Memoriaren multzoa 2016an hobitik atera ziren hamasei gorpuzkiak ehortzirik zeuden lubakiaren inguruan ezarri zen. Babesteko, inguru guztian soka bat ezarri zen, zurezko hesolei loturik. Haren oinetan Corten altzairuzko oroigarri bat dago, hamasei bao dituela, bertan eraildakoak irudikatuz. Multzoa monolito batek osatzen du. Multzoaren inguruko lurra hondarrez txukundu da.