Otsoportilloko leizea

 

Otsoportillokoa ikurra da, nagusia, 1936ko kolpe militarraren ondorengo errepresioaren ondoriozko eraildakoen gorpuzkiak botatzeko erabili ziren leizeen artean. Ditugun informazioen arabera, hamalau lagun erail zituzten bertan, Altsasu, Ekala, Olazti, Urdiain edo Ziordiko bizilagun zirenak, beren ideia politikoengatik edo militantziarengatik, 1936an altxatutako indarrek egin zuten garbiketa politikoaren giroan.

Leizea irisgarria izanik, aldaketak izan dira tokian hainbatetan. 1979an hamalau gorpuzki aurkitu zituzten; eta 1982an, ahaideek beraiek, leizea ixteko baimenik ez zegoenez, ahal zituzten hezur guztiak bildu eta metalezko kutxa batean sartu zituzten. Zazpi biktima indentifikatu dituzte genetikoki, gorpuzkiak lurpetik ateratzeko 2016an eta 2017an egindako bi prozesuen ondorioz. 1980tik, José Ramón Andaren eskultura bat dago, bertan erail zituztenak oroitzeko, tokia memoriaren gune bihurtu duena. Eskulturak ekintza bandalikoak jasan dituela ikusita, agerian gelditzen da tokia babestu beharra, multzo osoa alegia, egun itxita dagoen leizearen sarrera eta Andaren eskultura, aipatu sarrera nolabait babesten duena.

Memoriaren arloan, zalantzarik gabeko garrantzia du Otsoportilloko leizeak. Ekitaldi jendetsua egiten ohi da urtero toki horretan, bertan erail zituztenak oroitzeko eta Urbasako mendilerroaren bi aldeetan errepresaliatutako guztiak omentzeko.