Sarrera

XX. mendearen lehen herenean, Gerardo Lizarraga gure lurraldeko pintura modernizatzen gehien lagundu zuten Nafarroako artistetako bat izan zen. Hala ere, bere ibilbide artistikoa oharkabean igaro da. Gerardo Lizarraga. Artista erbestean erakusketak, batez ere, justizia egin nahi dio, baina aldi berean lortu nahi du Nafarroako herritarrek erbesteratzeen ondorio dramatikoei buruz hausnartzea, aintzat hartuta bai iraganeko erbesteratzeak, bai oraingoak. Erbestealdia, gure artistarentzat, ehunka mila lagunentzat bezala, 1939ko otsailean hasi zen, muga igarotzean. Orduan hasi zen hondartzetako esparruen esperientzia izugarria, Marseillako geroko egonaldia eta Mexikorako behin betiko bidaia.

Behatutako behatzailea, Gerardo Lizarragak, bere obraren bidez, bizitzarekin eta askatasunarekin konprometitutako pertsona baten etengabeko borroka ezagutzeko aukera eman digu; Xabier Lizarragak dioen bezala, gerraren indarkeriak harrapatu zuen eta erbestealdiak pixkanaka ito zuen pertsona bat izan zen.

Gerardo Lizarraga diktadura luze eta basati batek kondenatu zuen ostrazismotik behin betiko ateratzeko unea da. Bere maleta bere lurraldera iritsi da, Argelès-sur-Merko 8. esparrutik eta Mexikotik etorrita, eta bertan geratuko da, bere lurraldeko kultura- eta arte ondarearen parte izateko: kolpe militar batek (modernitate, berdintasun eta askatasunaren zantzu guztiak galarazi nahirik) indarrez ezabatu nahi izan zuen ondare horren parte izateko.


Esparruetako marrazkiak

Gerardo Lizarraga 1939ko otsailean Argelès-sur-Mer esparrura heldu zen eta ondoren Agden eta Clermont Ferrand-en ere egon zen. Bertan, marrazki ugari egin zituen, berak bere lan artistikoaren gauzarik garrantzitsuentzat hartu zituenak. Paradoxikoki, barneratze eta askatasun-gabetze unea bere indar sortzailearen katalizatzaile izan zen. Horren jakitun izan behar zuen, zeren eta marrazki horiek zaintzeko eta kontserbatzeko zuen ahaleginak baino ez baitu ahalbidetu gaur egun arte iristea, nahiz eta ibilbide gorabeheratsua izan. Surrealismoaren lurraldean barneratzen diren marrazkiez gain, karikaturen bilduma original bat ere aurki dezakegu, bere trebetasun eta gaitasun teknikoaz, umoreaz eta behatzeko gaitasunaz hitz egiten digutenak.

Bere bizitzaren azken urteetan, Lizarraga marrazki haietara itzuli zen, eta orduko bizipenei hitzak jartzen saiatu zen. Bizipen horiek ez zioten inoiz utzi atsekabeari, eta honela laburbildu zituen:

“Esparrua hondartza bakarti bat zen, harea besterik ez; alanbre-hesiez haratago, kilometroetan eta kilometroetan, inolako sustrairik gabe,… harea eta harea besterik ez. Banuen pentsatzeko astia; ez, ordea, pentsatzeko ohitura handirik. Arkatzak pentsatu zuen nire ordez”.


Margolanak

Gerardo Lizarraga. Artista erbestean erakusketak 125 margolan eta marrazki, 60 argazki, 77 dokumentu eta bi liburu aurkezten ditu, batez ere familiarenak, baina baita hainbat partikularren maileguetatik, Iruñeko Udal Artxibotik eta Nafarroako Museoaren funtsetatik datozenak ere.

Nahiz eta esparruen marrazkiek osatzen duten erakusketaren muina, erakusketak, bere osotasunean, Lizarragaren bizitza eta obraren ibilbide zehatza egiten du. Hala, Iruñeko bere bizitzako erretratuak aurkituko ditugu, baina baita Mexikoko erbestealdikoak ere; edo ilustratzaile eta muralista lanak, Iruñeko Udalak enkargatutako 1930eko sanferminetako kartel iragarletik Mexikon egin zituen mural eta karteletara. Erakusketak hainbat teknika menderatzen dituen artista batengana hurbiltzeko aukera ematen digu, baina, aldi berean, hainbat eragin jaso eta hainbat gai jorratzeko gai dena.


Zinema

Gerardo Lizarragaren pasioetako bat zinema izan zen. Zinemarekin aurrez kontaktuak izan bazituen ere, bere lehen hurbilketa serioa Manuel Ordonez de Barraicúarekin batera La torre de los siete jorobados, Emilio Carrereren testu ezaguna zinemara eramatea planifikatu zuenean gertatu zen. 1938an, EA Films "Ediciones Antifascistas" zinema konpainia sortu zuen. Barraicúak CNTrentzat egindako hainbat lanen kredituetan agertzen da, hala nola Tejados hundidos (1938), Un periódico mural (1937) eta Hoy hace un año (1937). José María Foguések zuzendutako Don do-re-mi-fa-sol-la-si-do film surrealistan ere parte hartu zuen, baina ez da haren zatirik gorde.

Mexikon, 1957an, Ernest Hemingwayren Fiesta eleberriaren egokitzapena zen The sun also rises filmaren zuzendari artistiko gisa kontratatua izan zen. Lan honek bere bi pasio nagusiak, zinema eta pintura, urtzeko aukera eman zion.


Datu praktikoak

 

Jendearentzako zabalik:

• Asteartetik larunbatera: 09:30-14:00 eta 17:00-19:00

• Igandeetan eta jaiegunetan: 11:00-14:00; baita egun hauetan ere: Ostegun Santuan, Ostiral Santuan

• Astelehenetan: itxia

Hay visitas guiadas los domingos por la mañana.

Informazio gehiago: Nafarroako Museoa