TERRORISMO EZEZAGUNA. ESKUIN MUTURRAK NAFARROAN EGINDAKO ATENTATU TERRORISTAK (1975-1985)

Trantsizio garaian, 1975 eta 1985 urteen artean, eskuin muturreko terrorismoak Nafarroan eragindakoa aztergai duen ikerketa lan hau Javier Dorado Porrasek, Zuzenbidean doktorea Madrilgo Karlos III.a Unibertsitatean, Zuzenbidearen Filosofia ikasgaiko irakasle titularra Madrilgo Karlos III.a Unibertsitatean eta “Gregorio Peces Barba” (lehen “Bartolomé de las Casas” institutua zena) Giza Eskubideen Institutuko zuzendariordeak eta Ingnacio A. Pérez Macíasek, Zuzenbidean doktorea Madrilgo Karlos III.a Unibertsitatean, Nazioarteko Zuzenbide Publikoko irakaslea eta “Gregorio Peces Barba” Giza Eskubideen Institutuko Oinarrizko Eskubideen Masterreko zuzendariordeak egin dute. Lan horretan Lidia Señarís Cejasek eta Carlos Villalba Ángelek lagundu diete. 2019ko irailean bukatu zuten jatorrizko txostena.

Ikerketaren helburua Nafarroan eskuin muturreko taldeek egindako ekintza terroristen biktimen eskubideak bete direnez argitzea da. Hots, xedea da jakitea ea administrazio publikoek biktimei erreparazioa eman dieten, gertatutakoa ikerketa polizial eta judizialen bidez argitu den, eta biktimek legezko aitorpenik jaso duten. Gainera, Nafarroan aritu ziren talde terrorista nagusien nondik norakoak erakusten ditu, eta atentatu ezberdinak pairatu zituztenen testigantzak eta elkarrizketak ere jasotzen ditu. Artxibategietan, hemeroteketan eta familiartean jasotako material grafiko ilustratiboak ere biltzen dira.

Bereziki, azterlan honen jomugarik behinena egia jakiteko eskubidean sakontzea da. Horrez gainera, memoriaren balioa sustatu nahi da, iraganean gertaturikoa argitzen eta norbanakoen zein gizarte osoaren memoria eraikitzen laguntzeko.