Biktima Hezitzaileen Programa

 

Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusiko (Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentua) Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuak sustatutako ESKUtik-de la MANO Biktima Hezitzaileen programa pedagogikoak 2018/2019 ikasturtean hasi zen bidea terrorismoaren biktimekin. Ikasturte hartan egindako pilotajearen ondoren, "Bakea eta Bizikidetza lantzen duten Eskolak" programaren testuinguruan abiarazi zen programa Nafarroako zenbait ikastetxetan. 

Eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko martxoaren 26ko 16/2019 Foru Legea onartuta, biktima horiek aitortzeko eta erreparatzeko batzordea sortu zen. Aitortza horiei esker, motibazio politiko biktimekin ESKUtik-de la MANO programa pedagogikoaren esperientzia pilotu berri bat abiarazi zen 2024ko urritik 2025eko ekainera bitartean.

ESKUtik-de la MANO Biktima Hezitzaileen Programak bost hatzak luzatzen dituen esku horrekin hurbiltzen gaitu biktimengana, hurbiltasuna, elkartasuna, enpatia, errespetua, bizikidetza baketsu eta demokratikoan oinarritutako gizarte bidezkoago eta etikoago baten alde lan egiten duen eskuarekin. Beste esku batzuk haztatu, ukitu, sentitu eta partekatzen dituen eskua da, esku horietan eta horiekin indartzen dena orainean, iraganeko bidegabekeriak ez errepikatzeko. Elkartzera eta besteren mina eta sufrimendua aitortzera gonbidatzen duen eskua da.

Biktimak ikasgeletan egoteak zuzenean hurbiltzen ditu sufrimendua eragin nahiz bizi izandako errealitateak. Erreparazio, berreraikuntza pertsonal eta indarkeriari zilegitasuna kentzeko mezuek inoiz gertatu behar ez zuen eta errepikatu behar ez den bidegabekeria baten mina haztatzen eta sentitzen laguntzen dute, eta elkartasun- eta enpatia-kanal espontaneoak ahalbidetzen dituzte bi norabideko emozio trukean.

Programak biktimen zuzeneko testigantzak hartzen ditu proposamenaren oinarritzat, uste baitugu testigantza horiek indar handia dutela ikasleen ideiak, jarrerak eta emozioak modu positiboan eraldatzeko eta hezteko. Giza duintasunaren, bizikidetzaren eta enpatiaren ikaskuntza funtsezkoa da hezkuntza-prozesuan.

Orain arte guztira 100 saio egin dira 26 ikastetxetan eta 5.824 ikaslek parte hartu dute. Gaur egun, 11 biktima hezitzailek, terrorismoaren 7 biktimak eta motibazio politikoko 4 biktimak, parte hartzen dute.

Programa Nafarroako ikastetxe guztiei eskaintzen zaie hezkuntza-proposamena gauza dezaten.

 

Hauek dira programan parte hartu ondoren biktimek, ikasleek eta irakasleek gurekin partekatutako ekarpenetako batzuk:

 

BIKTIMAK

“Nik kontatzeko beharra nuen, urteetan zehar "gertatutakoak garrantzirik ez zuela izan" pentsatzeko joera orokorra egon delako”.

“Indarkeriari zilegitasuna kentzea zen proiektu hau partekatzeko helburu nagusia. Giltzarria da. Nik bilatzen nuen onura da. Lortu da. Atsegina izan da..”

“Biktima hezitzailea, hitz zoragarria iruditzen zait. Gorroto eta mendekurik gabeko garapen pertsonala eskatzen du, zerbait irakatsi ahal izateko.”

“Harritu egin nau neska-mutilen enpatizatzeko gaitasunak.”

IKASLEAK

“Bere bizipenak gurekin partekatu zituenean, berarekin enpatizatu nuen, niri gertatu izan balitzait bezala murgildu nintzen kontatzen ari zitzaigunean, eta hainbat arrazoirengatik oso pertsona indartsua dela iruditu zitzaidan. Ziur aski berarentzat oso garrantzitsua izan zen norbaiten heriotza gainditzeko gai izan zelako, eta ematen zuen bezain gogor kontatzeko gai izan zelako, nahiz eta ulertzekoa den bezala, barrutik ez zen horrela sentituko.”

“Uste dut hitzaldian interesgarriena izan dela nork bere ikuspegitik eta heriotzaren eta sufrimenduaren inguruko begirada guztietatik zer sentitu duen ikustea. Bestalde, biktimak erakutsi digu ideologiak alde batera uzten direla indarkeria tartean denean. Horrek ondorio saihestezin batera eraman nau: pentsatzen dutena pentsatzen dutela, biktimak biktimak direla, eta indarkeriak arazoak konpondu ez eta areagotu egiten dituela.”

IRAKASLEAK

“Niretzat, hezitzaile gisa, oso esperientzia polita izan da. Uste dut oso ona izan dela ikasleentzat zein biktimarentzat. Oso eroso eta horretarako behar den segurtasunarekin sentitu naiz. Esperientzia hauek aurrera egiten laguntzen dizute, gizartea hobetzeko balio dutela sentitzen duzulako. Eta, hezitzaile eta herritar gisa, hori oso garrantzitsua da niretzat.”