Sartagudako Memoriaren Parkea

 

Nafarroako monumentu memorialista nagusia da, 1936ko estatu kolpearen ondoren eraildako nafarrak oroitu eta omentzeko altxatua. Sartagudako Pueblo de las Viudas Elkarteak eta Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak (AFFNA36) bultzatu zuten parkea –eskulturen gaur egungo jabeak dira–, Sartagudako Udalaren laguntza jaso zuen –egiteko lurra utzi zuen–, eta, orobat, Nafarroako Parlamentuaren babesa izan zuen, 2003ko martxoaren 10eko adierazpen instituzionalarekin. Tokiko erakundeek eta partikularrek emandako diruarekin ordaindu zen.

1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala emateko 33/2013 Foru Legearen 15. artikuluan ezartzen da Sartagudako Memoriaren Parkeak errekonozimendu eta babes ofizialik handiena izanen duela.

Parkeak 6.000 metro koadroko lurrak hartzen ditu; lurrak Sartagudako Udalarenak dira, gaur egungo erabilerarako utziak. Parkeko elementu nagusia horma bat da eta hartan biltzen dira 1936ko uztailaren 18ko kolpe militarraren ondoren Nafarroan eraildako pertsona guztien izen-deiturak. Era berean, hantxe daude zenbait lan, hala nola José Ramón Andaren "Atariaren besarkada", Joxe Ulibarrenaren "Los acribillados de la Santa Cruzada" eta Néstor Basterretxearen "Como hoz atávica y mortal". Horiez gainera, eskultura horietan tragedia hartaz hausnartzen duten hitz zenbait ageri dira, Bernardo Atxagak, Castillo Suárezek, Jokin Muñozek, eta José María Jimeno Jurío eta Pablo Antoñana zenduek idatzitakoak.

Mustu zenetik, senitartekoen, elkarteen eta herritar ororen erreferentzia-puntu bilakatu da Parkea, 1936ko kolpe militarraren ondoren piztutako indarkeriak bidegabe errepresaliatutako pertsona guztien memoria aldarrikatzeko tokia, alegia. Orobat, Nafarroako gizarteak iragan traumatiko hori ahanzturan ez uzteko borondatearen lekuko.

2019ko maiatzaren 10ean Asociación Pueblo de las Viudas eta AFFNA3NAFSE-k hitzarmena sinatu zuten Nafarroako Gobernuarekin, Parkea eta eskulturak bere eskuetan uzteko.