Bizikidetza gorrotorik gabe idazten da

 

Azken urteotan kezka handiz ikusi da komunikabideetan eta sare sozialetan gora egin dutela aurrejuzgu eta estereotipoek kutsatutako diskurtso eta mezu baztertzaileak, zenbaitetan talde ezberdinekiko gorrotoa adieraztera ere iristen direnak. Kezkagarria da mezuok belaunaldi gazteengan zabaldu ahal izatea eta horrek pertsona eta talde ezberdinen arteko errespetuzko bizikidetza hankaz gora jartzea. 

Gorroto diskurtsoek eta baita aurrejuzgu eta estereotipoek ere, beste talde batzuekiko erantzun emozional negatiboa eragiten duten zurrumurruei ematen diete bide. Zenbaitetan erantzun negatibo horiek eragindako bazterketak indarkeria kutsua ere izan dezake. Horregatik arduraz jokatu behar dugu, pertsona eta taldeen eskubide eta duintasunari eraso egiten dieten diskurtsoak desagerrarazten lagunduz eta ezberdinen arteko bizikidetzan emozio eta sentimendu positiboagoak izango dituen giro bat erraztuz.    

“Bizikidetza gorrotorik gabe idazten da” ekimenak bizikidetza hobetzeko asmoz lanean ari diren Nafarroako elkarte eta erakundeen lana indartu nahi du, horretarako eremu publikoetan sortzen diren  mezuak arakatu, monitorizatu eta identifikatuko dituzten tresna eta teknologia adimentsuak erabiliz. Mezuok Nafarroako zein eremutan sortzen diren, maiztasuna, eragina, narratiba eta arrazoiketa, jasotako erantzunak… aztertzen dira. Ezagutza honek datu errealetan (bazterketa eta gorrotozko diskurtsoak zalantzan jartzen dituztenak) oinarrituriko narratiba eta arrazoiketa alternatiboak zehaztasunez sortzen laguntzen du, baita gizarteko eragileekin lan egiten eta Nafarroako herritarrak bazterketa edo xenofobia sufritzen ari diren taldeekiko sentsibilizatzen. 

  • “Arrazakeria eta Xenofobia” proiektua.
  • “Aniztasun sexuala” proiektua.